EU | ES
Gobierno Vasco

2007-08 Fernando Morillo

EUSKAL LITERATURA
Fernando Morillo-ren hitzaldia

 

Ohikeriarekin bukatzea tokatu zaigu gaur. Ez gertakizun ertain batekin, ez, Fernando Morillo idazlea etorri da literaturaz, “Sexu Egunsentiak” liburuaz eta bizitzari buruz mintzatzera. Denbora hobeto aprobetxatzeko asmoz 4.A eta 4.B-koak elkartu gara, eta nahiz eta hasieran isiltasuna gordetzea kostatu zaigun, azkenean ezinezkoa zirudiena lortu dugu.

 

Bertan zegoen Morillo, bere aulkian eserita irribarre potolo bat guztioi eskaintzen. Lehenik eta behin bere burua aurkeztu du, eta azaldu digu zertaz hitz egingo zuen ( nahiz eta gero nahi izan duenari buruz luzatu den). Pantaila batez lagundurik berarentzat literatura zer den azaldu digu, eta gauza ezohikoak ikusten ziren pantailan, beste irudien artean; izotz puskak edalontzi batean, neska batek mutil bati emandako zaplastekoa,…hori bai, zentzua azaldu eta gero haien esanahia errazago ulertu dugu. Ikusgarria izan da benetan zer nolako ilusio eta keinu bereziekin adierazi duen diskurtsoa (berak dioenez ezaugarri honetan emakume baten antza handia dauka), eta beti esandako guztiari adibide bat jarri dio, gehienetan bere bizitzako esperientzietan oinarritutakoak: ligatzeko zenbait trebetasun azaldu ditu, nesken hizkuntza-kodea ulertzeko aholkuak eman dizkigu…Baina berarengan aipagarriena, dudarik gabe, euskara erabiltzeko zeukan ahalmena zen, gozatzeko modukoa.

 


  

Ondoren, bere lanbidea nola burutzen duen azaldu digu, eta bere tresneria motxilatik atera du guk ikus dezagun. Bere eginkizunen artean bidaiatzeko beharra dagoela aipatu duenean, denok inbidia gorriaz komentariotxoak egiten hasi gara ondokoarekin, eta berak badakiela zer zortea duen onartu du, berarentzat idaztea zaletasun bat baino ez dela. Gainera publizitatea egiteko denbora ere eduki du, bertan geunden guztioi idazlea izatera animatzen. Bukatu duenean, ikasle gehienak joan dira, baina gutxi batzuk Morillorekin mintzatzera geratu dira, eta hark gustura sinatu ditu “Sexu Egunsentiak” liburuko aleak, bakoitzari esalditxo pertsonal bat idatziz. Egia esanda, Fernando Morillok ez dirudi idazle denik, betiko adiskidea baizik.

Ander Elizondo 4.A
2008ko urtarrilaren 31

 

© IES Ekialdea BHI
Teléfono: 945263745 | Teléfono: 945149303 | 010330aa@hezkuntza.net 010330ab@hezkuntza.net