EU | ES
Gobierno Vasco

2005-06 Odol Bankua

ODOL BANKUARI EGINIKO BISITA

       Aurtengo urriaren 5ean, institutu honetako anatomia klaseko ikasleak, Maider, Itsaso, Esti, Josune, Tamara, Irantzu, Nerea eta Alejandra, Santiago Ospitalera joan ginen, bertan dagoen odol bankua ikusteko. Hor, odola emateko jarraitu behar diren pauso guztiak azaldu zizkiguten eta klasean ikusitakoa era praktikoan ikusteko baliagarria izan zen.

       Ospitalera heldu bezain laster, gizarte-laguntzaile batek sarrera eman zigun, odol-emaketei buruzko datu batzuk emanez eta hauen kopurua handitzearen garrantzia azpimarratuz. Hala nola, odola atera ostean, Galdakaoko bulego zentralera eramaten dela eta gero, hortik, eskakizunen arabera, ospitale guztietara banatzen dela, esan zigun. Dena-den, ospitale bakoitzak plasma -80ºC-tan eta odola, koagula ez dadin, 4ºC-tan gordetzeko hozkailu berezi batzuk baditu, eta guk Santiagokoak ikusteko aukera izan genuen.    

       Ondoren, erizain batek, odola emateko prozesu osoa azaltzeari ekin zion. Honek adierazi zigun alde batetik odola eta bestetik bere osagaiak diren plasma, plaketak eta globuluak eman daitezkeela. Azken hiru hauek makina berezi batzuen bidez bereiz daitezke eta bakoitzak behin gorputzetik aterata, iraupen desberdina du. Esate baterako, plasmak urte oso bat iraun dezakeen arren, globulu gorriek bakarrik berrogeita bi egun inguru eta plaketek eta odola banandu barik, aldiz, bost egun.

 

 

       Osagai hauek banatzeko egin behar den prozesua desberdina denez, odol-emaketa arrunta egiteko baino denbora gehiago behar da. Izan ere, hamar minututan, beharrezkoa den odol kantitatea lortzeko gai badira ere, globulu gorriak, plasma edota plaketak eskuratzeko laurogeita hamar minutu inguru erabili behar dituzte. Hala ere, prozesuaren iraupena luza daiteke emaketa hasi baino lehenago mediku batek emailearen odola aztertu behar duelako, azken honek galdegai bat bete behar duelako eta emaketa amaitzerakoan, emaileak, bertan muxu-truk ematen duten jateko zerbait hartu behar duelako.

       Amaitzeko, ez da ahaztu behar, odola ematea, guztiz beharrezkoa dela, giza-odola ezin delako artifizialki sortu, bakar-bakarrik gure gorputzetik lor daitekeelako. Gainera, modu altruista batean odola emateak, zeure buruarekin pozik egoten laguntzen dizu eta beste pertsona baten bizitza salba dezakezu. Halaber, zu edota zure familiako kideren bat izan daiteke odolaren beharra duena edozein momentutan.

       Dena-den, garrantzitsua da jakitea edonork ezin duela odola eman. Bete behar den lehenengo baldintza, hamazortzi eta hirurogeita bost urte bitartekoa izatea da eta berrogeita hamar kilo baino gehiago pisatzea. Horrez gain, beharrezkoa da hepatitisa edo HIESa bezalako gaixotasunik ez izatea, prozesua guztiz segurua izan dadin. Hau guztia dela eta, garrantzizkoa da posible dugun guztiok ahalegintxo bat egitea, eta gogoan izatea….

ODOLA EMATEA, BIZITZA DA!!

 

© IES Ekialdea BHI
Teléfono: 945263745 | Teléfono: 945149303 | 010330aa@hezkuntza.net 010330ab@hezkuntza.net